| 'Egunkaria' ixteko arrazoirik ez |
| Imanol Murua Uria | |
| Venres, 15 de Decembro do 2006 | |
|
[Berria ] Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berak aitortu du: Euskaldunon Egunkaria ixteko arrazoirik ez zegoen, ETAren mende jardun zuela adierazten duen froga bakar bat ez dagoelako, lau urteotako ikerketan erakunde armatuarekin lotura erakusten duen agiri bakar bat ez dutelako atzeman. Horregatik, zazpi auzipetuak errugabetzako eta epaiketarik ez egiteko eskatu dio Miguel Angel Carballo fiskalak Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako lehen sekzioari. Honenbestez, Juan del Olmo epailearen ardurapean Guardia Zibilak egindako ikerketaren porrota aitortu du fiskalak, eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak berak orain arte izan duen jarrera goitik behera aldatu du. Izan ere, Egunkaria-ko arduradunen auzipetzeei eusteko eskatu zion fiskaltzak Zigor Salari joan den otsailean, eta horixe egin zuen epaimahaiak. Zazpi lagun daude auzipetuta Egunkaria-ren itxierari buruzko auzian: Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria. Lehen sekzioko epaimahaiko hiru magistratuek erabaki beharko dute orain auziarekin aurrera jarraitu eta epaiketa egin edo, fiskalak eskatu bezala, denak errugabetu eta auzia bertan behera utzi. Aste batzuk joango dira erabakia hartu arte, aurretik hamarna eguneko epea izango baitute herri akusazioak -AVT eta Dignidad y Justicia- eta defentsak, fiskalaren eskaerari buruzko iritzia emateko. Fiskalaren idatziak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten. Lau urteko ikerketak ez du frogatu Del Olmok Egunkaria ixteko erabilitako argudio bakar bat ere: ez Egunkaria ETAren diru iturri zenik, ez ETAren dirua zuritzeko tresna zenik, ez ETAren helburuen alde egin zuenik, ez lerro editoriala ETAren aldekoa zuenik, ez auzipetuek ETArekin loturarik zutenik, ezta zuzendaria ETAk izendatu zuenik ere. «Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman», dio fiskalaren idatziak. Del Olmo epaileak eta Guardia Zibilak frogatzat aurkeztu izan dituzten agiriek, izatekotan, ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela -eta, «akaso», kontrolpean eduki nahi zuela- besterik ez duela erakusten argudiatu du fiskalak, 26 orrialdeko idatzian. Dena den, auzipetuek ETAren interesaren jakinaren gainean zeudela edo asmo horrekin ados zeudela egiaztatzen duen ezer ez dagoela dio fiskalak. Areago, Egunkaria-ren autonomiaren zantzuak eta autonomia horri eusteko borondatea sumatu ditu fiskalak hainbat agiritan eta jokabidetan. «Agiri hauen azterketak nabarmen uzten du Guardia Zibilak egindako interpretazioak sendotasunik ez duela», dio fiskalak, «eta auzipetuaren aldeko interpretazio arrazoizkoagorik badela, izan ere, argi eta garbi ondorioztatzen baitira egunkariko arduradunek errezeloak zituztela ustez ETArengandik zetozen proposamenen gainean». AGIRIAK. Fiskalak banan banan aztertu ditu Del Olmok eta Guardia Zibilak akusazioaren oinarritzat izan dituzten agiriak, ETAko hainbat kideri 1990 eta 1993 artean ustez atzemandakoak. Epaile instruktorearen eta Guardia Zibileko ikertzaileen ondorioak okerrak direla ondorioztatu du. Fiskalaren iritziz, ordea, ETAko kideek Egunkaria-ri buruzko hainbat informazio jasotzen zituztela besterik ez dute erakusten agiri horiek - «ustez KASeko kide baten bitartez, zeina ez baitzen Egunkaria-ko kide»-. Gainera, ETAk agiriotan Egunkaria-ri buruz hitz egiten duen moduagatik, erakundetik kanpoko errealitatetzat hartzen baitu, euskarazko kazetaren gaineko kontrolik ez zuela adierazten dute dokumentu horiek beraiek, fiskalaren ustez. «Hau da, ETAk ez du inposatzen, egunkariko inork ez auzipetuetako inork ETAri baimenik ez dio eskatzen, eta ETAk ez du inor izendatzen, edo agiri horiek behintzat ez dute hori egiaztatzen». Fiskaltzaren iritziz nabarmentzekoa da, gainera, 1993tik aurrera ETAren eta Egunkaria-ren arteko loturari buruzko batere dokumenturik atzeman ez izana. «[Horrek] Ahuldu egiten du, era larrian, instruktoreak egindako interpretazioa». Egunkaria-k ildo editorialaren bidez ETAren alde egin ez izana ere esanguratsua da fiskalarentzat: «Biztanleria ETAren inguruan biltzeko desioa adierazten duen albiste, editorial edo artikulu bakar bat ez da aurkitu egunkaria argitaratu zen hamahiru urtean». Galdera baten bidez laburbildu du Carballo fiskalak bere argudio nagusia: «[Egin beharreko] Galdera nabarmena da: Egunkaria ez bada finantz iturri, ezta terrorismotik datozen diruak zuritzeko tresna ere, eta egunkariak ETAren terrorismoari sostengua ematen ez badio, ez zuzenean ez zeharka, indarkeria sustatzen edo legitimatzen ez badu, zertan laguntzen dio edo lagundu zion Egunkaria-ren jardunak ETAren helburuei?». Ondorioz, epaiketarik egin gabe auzia artxibatzeko eskatu dio fiskalak Zigor Salako lehen sekzioko epaimahaiari. Alegia, auzipetzeak bertan behera uzteko eta auzipetuen aurkako badaezpadako neurriak bertan behera uzteko. Izan ere, aske gelditu ahal izateko bermeak ordaindu zituzten guztiek, aldioro sinatzera joan beharra dute epaitegira edo polizi etxera, eta Espainiako Estatuko mugetatik irtetea debekatua dute oraindik. «Behin-behinean» artxibatzeko eskatu du fiskalak, halako eskaeratan egin ohi duen bezala: etorkizunean froga berririk agertuko balitz auzia irekitzeko aukera legokeela esan nahi du «behin-behinean» artxibatze horrek. AUZI EKONOMIKOA. Egunkaria-ren itxieraren sumario nagusiari buruzkoa da fiskalaren eskaera, baina irregulartasun ekonomikoei buruzko beste auziaren gaineko aipamen laburra ere egin du idatzian. Auzitegi Nazionalaren esku dago bigarren auzi hau ere, gai ekonomikoei buruzkoa den arren Del Olmo epailearen irizpideen arabera ustezko delitu horiek ETAren esanetara egin omen zirelako. Orain, auzi nagusia artxibatzeko eskatu duenez, ustezko irregulartasun ekonomikoak Euskal Herriko auzitegi arruntek ikertu beharko lituzketela argudiatu du fiskalak, eta inhibitzeko eskatu dio, ondorioz, Auzitegi Nazionalari. Arlo ekonomikoko auzia instrukzio fasean dago, eta inor ez dute auzipetu oraindik. Herri akusazioen eta defentsaren eskaeren zain, gero erabakitzeko. Behin fiskaltzak iritzia eman ondoren, herri akusazioko bi elkarteek hamar eguneko epea izango dute jarrera agertzeko, eta ondoren, beste hamar egun izango dituzte defentsako abokatuek. Alde bakoitzak bi galderari erantzun behar dio sumarioa itxi ostean egin ohi den instrukzio tramite honetan: ea ados dauden sumario ixtearekin -edo eginbide gehiago egitea eskatzen duten-; eta ea ahozko epaiketa egiteko arrazoiak daudela uste duten. Alde guztien iritziak jaso ondoren hartuko du erabakia epaimahaiak: epaiketa bai, edo ez. Aurretik zalantza bat argitu beharko dute, ordea: ea AVTk eta Dignidad y Justicia elkarteak, herri akusazioek alegia, epaiketa egitea eska dezaketen. Judiziamendu Kriminaleko legearen arabera, «kereila jartzaile partikularrak» du epaiketa egitea eskatzeko eskumena; ez dio berariaz eskubide hori herri akusazioari aitortzen, partikularrari bakarrik baizik. Dena den, hainbat kasutan -Atutxa auzia-n Manos Limpias, esate batera- herri akusazioen eskaerak aintzat hartu izan dira, akusazio partikularra izan gabe. Auzia eztabaidan dago une honetan Auzitegi Nazionalean, Emilio Botin bankariaren kasuan antzeko arazoa dutelako. Espero bezala AVTk edota Dignidad y Justiciak epaiketa egitea eskatzen badute, hiru magistraturen esku izango da erabakia. Orain gutxi arte Javier Gomez Bermudez zen epaimahaiburua, Zigor Salako presidenteari dagokiolako lehen sekzioko buruzagitza, baina kargutik kendu berri dutenez, beste magistratu bat izango da epaimahaiburua, Zigor Salako presidente berria hautatu bitartean. FisKalaren iDaTzia. Ez kontrolik, ez loturarik, ezta sostengurik ere Miguel Angel Carballo fiskalaren idatziaren pasarteak: ETAren interesa. «ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela ondoriozta liteke agiri horietan, euskara hutsez idatzitako egunkaria zenez, eta akaso, kontrolpean eduki nahi zuelako; prozeduran egiaztatu nahi dena da auzipetuak interes horren alde aktiboki parte hartu zutela, eta beraz, jarduera horren arduradun zirela erakunde terroristaren tresna moduan. Fiskalak, baina, ondorioztatzen du ez dagoela hori egiaztatzeko eginbide sumarialik, eta aipatutako agiriek behintzat ez dutela hori egiaztatzen; gainera auzipetuei ez zaie atzeman ETAk egunkarian parte hartu zuela erreferentzia egiten dion inolako agiririk». Sorrera eta kontrola. «Gauza bat da [ETA] bandak interesa eta informazioa izatea egunkariaren sorrerari buruz, [sortzear zela] jakina eta ezaguna baitzen orduan, baina oso bestelako kontua da egunkariaren sorrera kontrolatu zuela esatea». Ildo editoriala. «Fiskalak uste du ez dagoela zume nahikorik akusazioarekin jarraitzeko, eta benetako errealitate frogatutzat jotzeko legezko egunkari baten pean ETA erakunde terrorista ezkutatzen zela; horretarako egiaztatu beharko litzateke auzipetuek bere egunkariaren bidez terrorismoa ideologikoki justifikatzen zutela ildo editorial bat jarraituz, eta hori ez da horrela». Harremana. «ETAko kideei atzemandako agiri hauek KAS-ETA harremana egiazta lezakete, baina ez ETA-Egunkaria edo KAS-Egunkaria harremana». Kanpoko errealitatea. «Administrazio Kontseiluko kide ziren pertsonak erakartzea izango litzateke ETA erakunde terroristak bilatzen zuena, eta horrek egiaztatuko luke egunkariko buruzagiak erakunde terroristaren eta bere helburuen kanpokoak zirela». Zuzendaria. «Argi eta garbi hautagai berria [Martxelo Otamendi] ez da ETArengandik sortzen, baizik eta ustez komunikatu egiten zaio [ETAri]. Horri ETAk erantzun zion -beti ere Guardia Zibilaren interpretazioaren arabera- esanez: 'Aukera hori ez zaigu oso txarra iruditzen, gehiegi ezagutzen ez dugun arren'. Alegia, zuzendariaren izendapena edo izendapenaren kontrola ezin zaio ETAri leporatu, ezagutu ere egiten ez zutela dirudienean». Galdera nagusia. «Galdera nabarmena da: Egunkaria ez bada finantz iturri, ezta terrorismotik datozen diruak zuritzeko tresna ere, eta egunkariak ETAren terrorismoari sostengua ematen ez badio, ez zuzenean ez zeharka, indarkeria sustatzen edo legitimatzen ez badu, zertan laguntzen dio edo lagundu zion Egunkaria-ren jardunak ETAren helburuei?». Epaiketarik ez. «Egunkaria ETA finantzatzeko edo haren diruak zuritzeko erabilia izan dela egiaztatu ez denez; ikusita Egunkaria, eta auzipetuak, ez direla ETA erakunde terroristaren helburuen alde aritu; ikusita auzipetuek ez dituztela legitimatu ekintza terroristak (...); ikusita auzipetuek terrorismoarekin kolaboratzeko inolako laguntza zehatz eta orokorrik ez dutela eman: bidegabea da ahozko epaiketa irekitzea. Ondorioz, (...) , behin behinean auzia ixtearen alde dago fiskala,eta auziperatzea eta prozedura honetan auzipetuen aurka hartutako kautelazko neurriak bertan behera uztearen alde». |
| < Ant. | Seg. > |
|---|
