Ez da kasualitate historikoa izan
Jose Mari Pastor   
Domingo, 03 de Decembro do 2006

[Berria

Teodoro Petkoff Venezuelako Alderdi Komunistako kidea izan zen gaztetan, eta gerrillan jardun zuen. Gero MAS Sozialismorako Mugimendua osatu zuen, eta diputatua izan zen, eta ministro postua hartu zuen Rafael Calderaren gobernuan (1993-1998). 1998an, MASetik irten zen, ez zegoelako ados alderdiak urte hartako hauteskundeetan Hugo Chavezen hautagaitza sostengatzearekin. Egun, Chavez presidentearen aurkari ezagunenetako bat da.

Petkoffi gaur Venezuelan egingo diren bozetara aurkezteko eskatu zion oposizioak, eta ahalegin horietan ibili da. Hautagaitzak behar besteko sostengurik jaso ez eta atzera egin behar izan du, ordea. Azkenean, Manuel Rosales oposizioko buruaren alde egin du kanpainan. Inkesta gehienen arabera, Rosalesek galdu egingo du, baina. Ondorioz, Hugo Chavezek presidente karguan segituko du, ezusterik ez bada.

Herrialde aberatsa da Venezuela. Munduko lehen herrialdeen artean dago, petrolio ekoizpenari dagokionez. Halaxe izan da hamarkadetan eta, hala ere, ondasun horren etekinak elite zuriaren eskuetan egon dira beti. Oligarkiak botere ekonomikoa eta botere politikoa bereganatu ditu, eta herritar xume askok umiliazioa eta bazterketa besterik ez dute jaso. Chavezek izen-abizenak jarri dizkie herritar baztertu eta pobre horiei. Herritar horiek ez ziren pertsonak elite zuriarentzat, haien zerbitzurako basapiztiak baizik: indioak, beltzak... Animaliak besterik ez. Horrexegatik deitzen dio elite horrek tximinoa presidenteari.

Chavezen agintaldian ez dira arazo guztiak konpondu, ez horixe. Ustelkeria hedatu dela esaten dutenei ahaztu egiten zaie ustelkeria betiko gaitza izan dela Venezuelan eta, beraz, orain ez dela hedatu, beste era batera egituratu baizik: boterean dauden zenbaiten inguruan. Baina orain, behintzat, ustel horiei jazarri egiten zaie, hori oraindik espero bezain irmo egiten ez bada ere.

Baina Chavezek jende xume horien alde egin du lan. Lehen Mundua delakoan oinarrizko giza beharrak aseta ditugunok populistatzat jotzen ditugun neurriak ezarri ditu haientzat: osasuna eta hezkuntza auzo txiroenetara eraman ditu, eta eliteak gorrotatzen dituen basapiztia horiei burua altxarazi die. Armando Janssens Belgikako apaiz katoliko eta CESAP gizarte laguntzarako taldeko arduradunak honela azaldu dio Chavezen fenomenoa Sueddeutsche Zeitung egunkariari: «Oinarrizko sentimendua da. Chavezek garrantzitsu sentiarazi ditu herritar xume horiek».

Petkoff ere antzera mintzatu da, presidentearen aurkari handienetakoa izan arren: «Chavez ez da kasualitate historikoa izan. Chavezek garrantzia eman die arazo sozialei. Eliteak ulertu egin beharko luke hori».

 

FIDELEN ARRASTORIK EZ HABANAN. Hugo Chavez ez zen atzo Habanan izan. Venezuelako presidentea ezin izan da egon Kubako hiriburuan aste honetan egindako ospakizunetan. Hauteskunde kanpainaren amaierak galarazi dio Habanara bidaiatzea.

Chavezek ezin izan du Castro ikusi. Atzo Habanako Iraultzaren Plazan elkartu ziren milaka eta milaka herritarrek ez zuten Fidel ikusi, ezta ekitaldia telebistaz segitu zutenek ere.

Komandantearen ustezko agerraldia haren osasunari buruzko azterketa zen. Aste honetan hauxe esan dio hedabide bati kubatar batek, Fidelen aldekoak: «Komandantea armadako buru gisa agertuz gero, seinale ona izango da. Agertzen ez bada, hauxe ulertuko dugu: haren osasuna uste bezain ona ez dela».

Castro ez da agertu. Irakurketa, beraz, argia da: komandantearen gaixotasunaren inguruan egon daitezkeen zurrumurru edo informazio faltsuak gorabehera, haren osasuna ez da ona. Ez behintzat halako ekitaldi batean azaldu eta herritarrei lasaitasun keinua egiteko modukoa.

Atzokoaren ondoren gero eta argiago dago Kubako estatuburuak nekez hartuko duela berriro boterea. Behintzat, lehenengo moduan. Hala ere, badirudi agintariek helburua lortu dutela: Kubari, eta bereziki nazioarteari, sistemak Fidel gabe lehen bezala funtziona dezakeela frogatzea.

Castrok kargua behin-behinean utzi eta gero, normaltasuna dago uhartean. Fidel eszenatokitik desagertu da, baina hark aukeratuko taldea lanean ari da.

Egunotan talde horretako bi kide mintzatu dira. Carlos Lage presidenteordeak hauxe azaldu du: «Segida hasia da dagoeneko; ez da trantsiziorik izango, segida izango da». Raul Castrok hitz garrantzitsuak esan ditu: Habana prest egongo litzateke Kubaren eta AEBen arteko desberdintasunak negoziatzeko, errespetuz eta berdintasunean eginez gero. Horixe litzateke logikoena. Kontua da diferentzia horiek ez direla berdinak izango bi estatuentzat. Zer diferentzia negoziatzeko prest dago Kuba? Eta AEBak? Inork ikusten ditu gaurko AEBak gaurko Kubarekin baldintza barik negoziatzen, herrialdearen subiranotasuna errespetatuz eta haren sistema auzitan jarri gabe, Fidelekin edo Fidel gabe?

 
< Ant.   Seg. >