| Susan Georgeri elkarrizketa |
| Eneko Bidegain | |
| Mércores, 18 de Outubro do 2006 | |
|
[Berria tik hartua] Pobreziari buruzko kontzientzia handitu al da Lehen Munduan? Gizarte foroetan parte hartzen dutenek, bai, badute kontzientzia hori. Baina hainbestetan erraten digute gizarte neoliberal honetan norbanako bakoitzak garaitu dezakeela non, oro har, ez baitago hainbesteko kontzientziarik. Gainera, estatuak ez dira batere kezkatzen. Europako Konstituzioak konpetentziaren eta merkatu legearen logikan ezarri nahi gaitu, eta elkartasunak ez dauka lekurik. Neoliberalismoaren garaian gosetea larriagotzen ari ote da? Gosetea ez da inondik ere apaldu. Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak areagotzen dute gosetea. Esportazioaren kultura bultzatzen dute, tokian tokiko kontsumoaren ordez. Lehen, laborari txiki anitz beren lurretik bizitzen ahal ziren. Orain, lur horietatik haizatu ditugu. Ez da egia gosetea 2015. urterako suntsitzeko helburua dutela. Zer ondorio du egoera horrek? Bazterketa. Gero eta immigrazio gehiago eraginen du, legezkoa ala legez kanpokoa. Soldata gero eta apalagoak izanen dira, gero eta jende gehiago prest izanen baita edozeren truke lan egiteko. Zer dago bakoitzaren esku gosetea saihesteko? Bakarka, deus gutxi. Produktuak merkatu zuzenean eros daitezke. Hori bera ongi da, hots, ekoizleak berak laguntzea. Baina lan kolektiboarekin baizik ez daiteke zerbait egin. Gobernuz kanpoko erakundeetan parte hartu behar da, Attac bezalako erakundeetan. Erakunde horiek zer eragin dute? Nazioarteko diru mugimenduetan zergak ezartzearen alde mugitu gara. Aurrera egin dugu, duela bost urte zergak ezartzearen ideia erokeria gisa ikusia zelako. Orain, Jacques Chirac Frantziako lehendakariak hegazkin hegaldietan gisa horretako zerga bat ezartzea proposatu du. Ez da guk nahi genuen zerga; baina gutxienez nazioartekoa da. Eta beste herrialde batzuek bat egiten dute. Nazioarteko demokrazia ezarri behar dugu. Nazioarteko merkatuen menpe gaude, baina kontrabotere bat sortu dugu, Europan eta nazioartean. Beste mundu bat posible dela diozu, baina nola? Lehenik, dauden egiturak ezagutu behar dira. Militantzian hasi nintzenean, AEBak Vietnamdik kanpo ezartzea zen leloa. Eskaera argia eta sinplea zen. Orain, berdintasunaz mintzo gara, baina jende gehienak ez daki zer diren Munduko Bankua edo Nazioarteko Diru Funtsa, ez daki zer diren politika neoliberalak. Heziketa handi bat egin behar da. Gobernuen aldetik Hirugarren Munduko herrien zorraren ezeztatzea lortu behar da. Herrialde pobreen arazoa zorrari lotua dea bakarrik? Ez al dute berezko baliabiderik aberatsago izateko? Afrikak oraino ordaintzen du zorra. Nola nahi dituzu eskolak eta klinikak eraiki holako kontinente pobre batean? Haien ingurumena hausten uzten dugu, baliabideak gehiegi ustiatzen uzten ditugu, oihanaren kentzen segitzen dugu. Batzuetan, batzuek diru asko irabazten dutelako horrela; beste batzuetan, jendea horrela ahalegintzen delako bizirautera. Jendearen antolatzeko gaitasunaren baitako konfiantza badut. Hoberena egin dezakete, aukera ematen badiegu. Toki batzuetan zorra kendu denean, eskolan sartzeko ordaindu beharreko eskubideak arindu dituzte, eta anitzez neska gehiago sartu da eskoletan. Hirugarren Munduko herrietan ustelkeria kasu anitz ere bada, eta horrek pobrezia larriago egiten du. Ez al da funtsezkoa arazo hori konpontzea ere? Hauteskundeak eskatu behar dira herri horietan. Biztanleak ordezkatuko dituzten kontseilu batzuk sor daitezke. Kontseilu horiek gobernuen ondoan izan behar lukete, laguntzen banaketa elkarrekin erabakitzeko. Laguntza ematen badugu, hiritarrek inplikatuak izan behar dute, eginen genituzkeen programetan. Herritarrek diruaren bidea segitzeko ahala dutenean, ustelkeria txikitzen da. Herritarrei boterea eman behar zaie. |
| < Ant. | Seg. > |
|---|
